• 03
    MAR
    Lizarran "Udalak eta biok, euskaraz" dinamika aurkeztu eta tramitazio eguna martxoaren 15a izatea adostu dute

    Aurkezpenak, eskaerak... herriz herri pizten ari den "Udalak eta biok, euskaraz" dinamika tokian tokiko errealitatearen arabera fase ezberdinetan egonagatik, aurrera doa. Lizarran ere eman zuten hastapeneko urratsa, bigarrenerako data zehazteaz gain. Aurrekoan egin zuten dinamika aurkezteko batzarra eta oso balorazio positiboa egin dute Lizarrako EHEko kideek. Eragile ezberdinetako kideez gain, hainbat herritar elkartu ziren eta dinamika baloratu ondoren, aurrerantzean egikaritu daitezeken zenbait ekimen iradoki ziren. Betiere, herritarrak aktibatuz udalean aldaketak eragiteko iparrarekin. Dinamikaren baitan hurrengo pausua emateko eguna ere adostu zuten. Martxoaren 15ean izango da, eta bertan eskaera masiboa egingo diote udal administrazioari.

    Ostirala 28an "Udalak eta biok, euskaraz" dinamikaren aurkezpen batzarra egin zuen Lizarrako EHEk. Hainbat herritar bildu ziren "La Bota" elkartean, haien artean Garean euskara elkartea, Mintzakide proiektua edota gaztetxea ordezkatu zituzten hainbat kide zein lizarrako euskaltzale. Dinamikaren azalpen eta zehaztasunak elkarbanatzeaz gain, ordenantza berrituaren inguruan aritzeko aukera izan zuten, hizkuntzaren normalizazioaren bidean zenbait urrats eman badira ere, oraindik ere badela zer hobetu azpimarratuz.

    Antolatzaileek egindako balorazioaren arabera, "bertaratuen harrera ezin hobea izan zen". Dinamika aldaketak eragiteko tresna egokia izateaz gain, norbanakoen aktibazioa eta euskaldunon sarea indartzeari dagokionean garrantzitsua izan daitekeela ondorioztatu zuten. Idatzizko eta ahozko harremanak, errotulazioa eta abar euskaraz izateko eskari zuzenei dagokionean, udalari herri presioa egiteko aukera paregabea zutela aipatu zuten. 

    Zentzu horretan, batzarrera hurreratu zirenek dinamikaren zabalpena egiteko konpromisoa hartu zuten, ahalik eta euskaldun gehienek dinamikan parte hartu dezan. Horrez gain, hainbat proposamen  interesgarri egin ziren; eskaerak kontabilizatzeko proposamena, beste batzuen artean. Herri presioa indartzeari so, hainbat iradokizun ere egin ziren, tartean sinatzaileen arteko sarea osatu eta jarraipena egitea, udalaren ezezkoaren aurrean mobilizazatzea, gazteleraz jasotzen diren paperak masiboki itzultzea eta abar.

    Bide honetan, tramitazio orokor bat egiteko data adostu zuten. Martxoaren 15a izango da deialdi orokorra egingo den eguna eta eskaera tramitatu nahi duen herritar orok izango du bertan parte hartzeko aukera. Bitartean bestelako eragile eta norbanakoekin harremanak indartzen jarraituko dute.

    Bertaratutakoen artean Oteitzako (Lizarraldea) herritar bat ere bazegoen, eta herrian aukera egokiak aurreikusten zituen bertan ere dinamika abian jartzeko. Horren harira, dinamika bestelako herrietara hedatzeko premia antzeman zuten.

    Euskal Herriko gainontzeko makina bat herrietan ere aurrera doa dinamika. Esaterako, ostegunean dute durangarrek eskaerak masiboki egiteko eguna.

    Iruzkinak

    Egin zure iruzkina

    • Galdera: garrantzitsua! Erantzuna zenbakiz eman, mesedez
      Galdera hau spam-aren (eskatu gabeko mezuen) aurkakoa da. Robotak edo pertsonak bereizteko balio du. Eskerrik asko.